O no será-Edo ez da izango : Agroekologia eta feminismoa

O no será

21-03-2023 • 1 hr 14 mins

Etxaldeko Emakumeak 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean. Irratsaio honetan lehen sektorera eta agroekologiara hurbilduko gara feminismotik, elikadura burujabetza bizitzak sostengatzeko gauza garrantzitsuenetariko bat delako. Pertsona guztiok elikatu behar gara egunero bizirauteko, baina nola? Zeinek ekoizten ditu produktu horiek? Nola eta ze baldintzatan? Beraz, lehen sektoreko ekoizle txikiak eta baserritarrak behar beharrezkoak ditugu, baina azken urteetan ikusten ari gara ekoizle txiki askok bere jarduera eten dutela, esplotazioek dimentsio handiago eta intentsiboetara jotzen dutela eta “garai txarretan” nekazarien produktuak albo batera utzi izan direla (pandemia garaian plazak debekatzean ikusi genuen hori). Zaila bilakatzen ari da lehen sektore hau eta are gehiago sektore honetan diharduten emakueentzat. Guk horrela ikusi ahal izan dugu irakurritako Lur gainean, itzal azpian liburuan, Leire Milikuak Lisipe bilduman argitaratutakoa. Honen helburua hain zuzen ere, “gure begirada argitzea, zabaltzea eta eraldatzea da. Landa eremua, nekazaritza sektorea eta bertako emakumeak irakurleari gerturatzea, kokatzen direneko egiturazko markoak agerian jarriz, datuak emanez eta beraien hitzak jasoz”. Liburu honetan oinarrituta, garrantzitsua iruditzen zaigu feminismoetan agroekologia txertatzen jarraitzea eta kaletarren eta baserritarren arteko harremana sendotzea. Emakumeen mundu martxa eta Durangon egin ziren Euskal Herriko Jardunaldi feministak izan ziren horren azken adierazleak, baina lanean jarraitu behar dugu eta horregatik egin nahi genuen irratsaio hau, nekazari eta abeltzainen egoerara gerturatzeko, beraien aldarrikapenak entzuteko eta aliantzak indartzen jarraitzeko. Horretarako, gaurkoan Aramaixoko Talde Feministak antolatutako Lurra eta bizitza suntsitzen dituen sistemari alternatiba agroekofeminista jardunaldietara hurbildu gara, Aramaixoko Talde Feministako Andere Arriolabengoa kidearen eskutik. Eta bestetik, Amets Ladislao, abeltzaina, EHNE Bizkaia eta Etxaldeko Emakumeak taldeko kidea ere elkarrizketatzeko aukera izango dugu. Irratsaioa girotzeko abesti hauek entzun ditugu: Tremenda Jauría, La Basu, Jazz Woman eta Aneguriaren “Akelarre”; En Tol Sarmientok Inés Osinagaren kolaborazioarekin Vía Campesinako Nazioarteko Topaketarako egindako “Erein, landatu, zabaldu” eta amaitzeko Calle 13-ren “Latinoamérica” Susana Baca, Totó la Momposina eta Maria Ritaren kolaborazioarekin.